lunes, 18 de noviembre de 2019

Victorious Children Ugandak Truebaren laguntza jaso du

TRUEBA FOR CHANGE: Inspiratu mundua aldatzeko proiektuan eskaini da laguntza, 2018-19 ikasturtean Truebatik Ugandara ekimena garatu baitzen. Lerro hauen bidez azaldu nahi dizuegu ideia nola sortu zen eta gure laguntza guztia nola heldu den Ugandara.

Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloko lau irakasleek, Aitor Sola, Nerea Ruiz de Gauna, Leire Garaikoetxea eta Paki Santosek erabaki zuten Victorious Children Ministries Uganda komunitateari laguntzea. Izan ere, Leire eta Aitorren adiskide batek proposatu zien proiektuaren bidez Kawandako VictoriousChildren Uganda eskola eta umezurtzen etxeari laguntzeko. Bi zentroen buru Robert Kirabira da, ikasten jarraitzeko eta ahalik eta ongien bizitzeko finantzazio behar duten haurrentzako sponsor bila aritzen den pertsona bat. Proposamena jaso zutenean, laguntzeko diru-bilketa solidario bat egitea erabaki zuten.

Gaur egun zazpi haur daude umezurtzen etxean eta batzuk umezurtzak dira. Etxe horretan bizi diren guztiek sponsorren bat dute eta horiei esker joaten dira eskolara eta egunean bi aldiz jaten dute gutxienez. Bestetik, eskola dago. Eskolan 180 haur inguruk ikasten eta jaten dute egunero. Tokiko janari bat besterik ez dute elikatzeko, “posho” izenekoa; hau da, irina eta urarekin egindako nahasketa bat. Arraroa da arroza jateko aukera izatea eta are arraroagoa haragia jan ahal izatea. Hilean behin jaten dute gehienez ere haragia eta platerkada bat haragi esaten dugunean, oilasko bular erdi batez ari gara.Truebako ate irekien egunean bildu zen dirua Aitor Solak berak eraman zuen Ugandako herrixka horretara. Diru hori lortzeko, Rotobasque enpresak finantzatutako poltsak saldu ziren, haurren bikini zaharrekin egindako giltzatakoak eta egin ziren arkatzak eta kandelak. Horiek guztiak salduta kopuru garrantzitsua lortu zen eta, esan bezala, Aitor Sola irakasleak berak eraman zuen Ugandara.
Aitorrek Ugandako eskola eta umezurztegi horretako arduradunekin hitz egin zuen, bertatik bertara ezagutzeko premiarik handieneko beharrak zein ziren. Batez ere irina ez zen janariren bat behar zuten, esaterako: arroza, lekaleak, kakahuete krema eta olioa. Ikastetxean gela berriak egiteko premia ere bazen, herriko haur asko ezin baitzen eskolara joan, gelarik ez zegoelako. Zementu zaku batzuk eta adreiluak erosi ziren, tokiko langileek gela berri bat eraiki ahal izateko.
Haurrek oporrak hartu zituzten abuztuaren 3an eta ikasturtea amaitzeko, ibilaldi bat egin zuten Entebbeko zoora. Lehoiak, elefanteak, jirafak eta zebrak ikusi zituzten haurrek. Hango zabuetan eta puzgarrietan ibiltzeaz gain.
Laster itzuliko dira eskolara eta gela berriak izango dituzte, ahalik eta baldintzarik egokienetan ikasteko aukera izango dute, egunen batean nahi duten lanbidean aritu ahal izateko. Ianek sendagilea izan nahi du, Alvin eta Calvinek pilotuak, Rosek irakaslea eta Fredek polizia. Ikastea oso serio hartzen dute, badakitelako egunen batean beraien bizi-maila hobetzeko modu bakarra ikastea dela eta Bilbora etortzeko ametsa betetzeko ere bai.

Beraien ametsak egia bihurtu eta egunen batean gu ikustera etorriko direla espero dugu!


No hay comentarios:

Publicar un comentario